XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BAIGORRIKO KULTUR ALDIA

Baigorri, Aldude, Ortzaize eta Elizondon gaindi kultur hatsa bultzatzen du BASAIZEA elkarteak, apirileko aste ondar guzietan, bihi bat ere huts egin gabe.

Aroak batere laguntzen baldin badu jaz baino hobeki, apirilaren 25a gaitza izanen da, Nafarroaren Egunarekin.

Baigorrin berean, goizetik arrats animazio desberdinak bizitzeko parada emaiten du egun horrek.

Eliza aitzinean liburu erakusketak kolore xarmantak izanen ditu.

Islan eta aterbean Nafarroako ofiziale jeinutsuenen erakusketak ere bi behako mereziko ditu, berdin arto irinezko talo bat jastatuz.

Meza ondoko jauziak ez ditu inork huts egin nahiko eta bazkarian elgarretaratu beharrak dira 800 presuna.

Arratsaldeak leku desberdinetan mugitzen ikusiko ditu: Iruneako dantzari eta kantariak beren ikusgarri berriarekin herriko etxeko plazan.

Duela 20 urte Arrola dantza taldean zabiltzan dantzariak, aurten plazara agertuko dira, ez lehen bezain zaintsu baina orduan bezain arin.

Plaza nagusiak ikusiko du pilota partida bat esku huska Baigorrialdeko hoberenen artean.

Antzerki eta bertsu

Bazko zaharretik haste, Nafarroaren eguneraino lan sail markatuak dira jadanik.

Antzerki umoretsuak irekiko du Kultur aldia igande arratsalde honetako lau orenetan Baigorriko Biletxean, Tu Quoque Fili tituluarekin.

Antton LUKU idazlea bera ari da funtsean antzerki horretan.

Ondoko larunbatean, apirilak 17, Bertsuzaleek ez dute huts egin nahiko Xabier AMURIZA Urepeletik bi urratsetan, Aldudeko zinegelan emanen duena Xalbadorren bertsuetan finkatu ikusgarria.

Erakutsiko du bide nabar hegoaldeko eskualtzalek jakin izan dutela hemengo euskararen aberastasunaren preziatzen.

Aldudek balea gaineko eta behereko haur guziei eginen die ongi etorri, apirilaren 21-ean astezkenarekin.

Urtxintxenean izanen dute hitzordua eta hain segur ere arratsaldeko askaria.

Gazte mugizaleak prest dira izerdiaren botatzeko apirilaren 24-ean, larunbat arratsarekin Baigorrin.

Lagungarri izanen dituzte hiru talde: Hats, ETENGABE eta MOKOKA.